Garaterm

Egitasmoa

Euskararen erregistro espezializatuen garapena eta erabilera naturala neurri handian eremu akademikoetan gertatzen ari da. Lehen eta bigarren hezkuntzan ezartzen dira diskurtso formal orokorraren eta diskurtso espezializatuaren lehen oinarriak, eta unibertsitateak zubi-lana egiten du oinarrizko hezkuntzaren eta mundu profesionalaren artean. Unibertsitateko ikasgeletan prestatzen dira etorkizuneko aditu euskaldunak, eta mundu profesionalean erabiliko dituzten diskurtso-baliabideak eta, bereziki, terminologia ikasten dituzte bertan.

Unibertsitatean denetariko gai espezializatuak irakasten dira euskaraz, eta komunikazio espezializatuak ezinbestekoak ditu hizkuntza-baliabide espezializatuak, bereziki, terminologia. Nolanahi ere, irakasleen eta ikasleen arteko komunikazioa arina eta etengabea bada ere, aditu-irakasleen arteko komunikazio-sareak ez dira horren arinak. Izan ere, komunikazio espezializatua nazioarteko aditu-komunitateen barruan gertatzen da nagusiki, eta hizkuntza handiak (bereziki ingelesa) erabiltzen dira maiz komunikazio-egoera espezializatuenetan. Komunikazio-sare arinik ezak zaildu egiten ditu aditu euskaldunek sortzen eta erabiltzen doazen hizkuntza-baliabideen zirkulazioa eta finkapena. Bestalde, unibertsitateko ikasgeletan erabiltzen diren erregistroak deskribatzea zaila da hizkuntzalari eta terminologoentzat, komunikazio akademikoaren zati handi bat ahozko eta idatzizko testu espontaneoen bitartez eramaten baita aurrera.

Garaterm egitasmoaren barruan zenbait tresna eta baliabide garatu dira alor akademikoetan erabiltzen diren testuak eta terminologia ikusgai egiten joateko. Egitasmoa aurrera eramateko, elkarlanean aritu dira UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko eta Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko zenbait ikertzaile, Elhuyar Fundazioko I+G taldeko zenbait ikertzailerekin batera. Erregistro akademikoak etengabe aldatzen eta egokitzen doazenez, denboran zeharreko aldaketa horiek monitorizatzea ahalbidetuko diguten tresnak eta baliabideak garatu dira, adituak eta hizkuntzalariak elkarlanean aritzea posible egiten dutenak. GARATERM lan-ingurunea funtsezkoa da elkarlan horretarako: testuak corpuseratzeko eta terminologia lantzeko erabiltzen da. Adituen eta hizkuntzalarien arteko elkarlanaren emaitza dira GARATERM corpusa eta Terminologia Zerbitzurako Online Sistema (TZOS). Adituen eta hizkuntzalarien arteko elkarlana posible da neurri handian UPV/EHUko Euskara Errektoreordetzaren babespean 2008 urtetik aurrera abian den Terminologia Sareak Ehunduz programari esker.