Terminologia-lana

Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailean egun diskurtso espezializatuaren eta terminologiaren ikerketan aitzindari diren ildo teorikoetatik abiatzen gara eta, lan-ildo horietatik datozen ondorio metodologikoak ditugu abiapuntu. Hiru ildo teoriko nagusi garatu dira 90eko hamarkadatik aurrera, teoria klasikoari (Wüster-en Terminologiaren Teoria Orokorrari) ikuspegi sozialetik, ikuspegi kognitibotik eta ikuspegi linguistikotik egindako kritiketatik abiatuta: Sozioterminologia (Gaudin 1993, 1995; Boulanger 1991), Terminologiaren Teoria Komunikatiboa (Cabré 1999, 2001), Terminologiaren Teoria Soziokognitiboa (Temmerman 2000). Lau ondorio metodologiko nagusi dituzte teoria berriek:

  • Terminologia-lana egiteko, deskripziotik abiatu behar gara: balio espezializatudun hizkuntza-unitateak (eta horien barruan terminoak) testuetan aztertzen dira. Terminologiaren ikerketaren interesa terminoez harantzago doa.
  • Aldakortasuna aintzat hartzen da: balio espezializatudun hizkuntza-unitateak espezializazio maila desberdinetakoak diren eta egoera pragmatiko desberdinetan sorturiko testuetan aztertzen dira.
  • Azterketa diakronikoek garrantzia hartzen dute. Kontzeptuek eboluzionatu egiten dute denboran zehar, eta eboluzio horren ondorioz, terminoen forma ere aldatu egiten da denboran zehar. Erregistro espezializatuak tradizio diskurtsiboen ondorio dira.
  • Edozein aplikazio linguistikok bete behar duen lehen baldintza egokitasuna da, alegia, diseinatu den xederako eta erabiltzaileentzako egokitasuna.

Ondorio horiek gidatzen dute, hain zuzen, irakasleentzako tailerretarako ikusmiran dugun metodologia:

  • Alorrez alorreko diskurtso espezializatuak alor horietan hizkuntza erabiltzen duten komunitate epistemiko-diskurtsiboek garatzen dituzte, alegia, alorrez alorreko jakintza garatzeko eta transmititzeko euskara erabiltzen duten irakasleek, ikertzaileek eta ikasleek.
  • Hori dela eta, diskurtso horietan erabiltzen diren erregistroen eta, bereziki, terminologiaren deskripziotik abiatu behar da garapen horretan lagundu nahi duen edozein ekimen. Irakasle-ikertzaileek sorturiko testuak eta terminologia dira funtsezko baliabideak deskripzioa aurrera eraman ahal izateko.
  • Hizkuntza-baliabide espezializatuek, eta horien artean terminologiak, hiru alderdi uztartzen dituzte: forma, esanahia eta pragmatika.
  • Elementu espezializatuak sortzeko elementu orokorrak sortzeko erabiltzen ditugun hizkuntza-arau berberak erabiltzen ditugu. Hori dela eta, hizkuntzalariek lagundu diezaiekete esparruz esparruko adituei erabiltzen dituzten terminoetarako eta hizkuntza-adierazpideetarako forma linguistiko zuzenak eta egokiak bilatzen. Esparruz esparruko alderdi semantiko-pragmatikoak, aldiz, esparruz esparruko adituek bakarrik menderatzen dituzte.
  • Hori dela eta, adierazpide espezializatuen eta terminologiaren finkapena eta normalizazioa diziplinarteko lana da, esparruz esparruko adituen, hizkuntzalarien eta hizkuntza-teknologietan espezializatutako teknikarien lana eskatzen duena.

Terminologia Sareak Ehunduz programan irakasle bakoitzak hautatutako irakasgaiko terminologia erauzten dugu eta irakasleek beraiek balioztatzen dituzte beren testuetatik erauzitako termino-hautagaiak. Bestalde, irakasleek beraiek eskaintzen dituzte euskarazko terminoen beste hizkuntzetako ordainak. Aditu-irakasleak dira eragilerik egokienak zeregin hau aurrera eramateko. Prozedura honek posible egiten digu EHUko titulazio desberdinetako irakasgaietan erabiltzen den terminologia erreala deskribatzea. Deskripzioak behar du izan beti abiapuntua terminologiaren edozein normalizazio-ekimenetan. Deskripzioaren ondoren erabaki ahal izango da harmonizazio- edo interbentzio-ekimenen bat jarri behar ote den abian, beti ere kontuan hartuta jomugan dugun terminologia-eredua aldakorra izango dela: aldakortasun asistematikoa edo dispertsioa mugatzen lagundu beharko luke, baina aldakortasun funtzionala onartu, sustatu eta finkatzen lagundu behar du.