Unibertsitateko irakasleen (ahozko eta idatzizko) testuen kalitatea irakaskuntzaren funtsezko osagaia da, hainbat arrazoirengatik:
- Irakasleen hizkuntza-ekoizpenek (ahozkoek eta idatzizkoek) osatzen dute neurri handian esparru akademikoan ikasleek jasotzen duten hizkuntza-inputa.
- Ikasleek beren ikasketetan izango duten arrakasta neurri handian lotuta dago input hori ulertzeko eta bereganatzeko gaitasunarekin.
- Ikasleek testu zuzenak idazteko behar duten euskararen gramatikaren eta ortografiaren gaineko ziurtasuna areagotzeko eragin handia du irakasleengandik jasotzen duten inputak.
- Ikasleek erregistro akademikoak egokiro erabiltzeko garatuko duten gaitasuna estuki lotuta dago irakasleek eskaintzen dieten hizkuntza-ereduarekin.
Programaren hezurdura modura behean ageri den kalitate lingusitikoaren osagaien eskema erabiltzen dugu. Eskema horretan ikus daitezke testuen kalitatearen osagaiak: zuzentasuna eta egokitasuna. Osagai horietako bakoitzaren barruan hainbat atal bereizten dira, eta atal horietako bakoitza lotzen da dagokion hiztun-komunitatearekin: euskal hizkuntzaren komunitate osoan datzan gramatika, euskara batuaren hizketa-komunitatea eta diskurtso-komunitate espezializatuak. Bereizketa horri funtsezko deritzogu. Izan ere, aditu-irakasleek erantzukizun eta eginkizun desberdinak dituzte hizkuntza-baliabide orokorrei eta espezializatuei dagokienez:
- Gramatika- eta diskurtso-arau orokorrez jabetu eta beren erabileran ezarri behar dituzte.
- Beren esparruko erregistro espezializatuak (terminologia, fraseologia) garatzeko eta finkatzeko erantzukizuna dute.