Oinarri didaktikoak

Unibertsitateko irakasleen euskarazko ekoizpenei dagokienez, bi iturritatik etor daitezke kalitatea bermatzeko zailtasunak:

  • Zenbait irakaslek hutsuneak izan ditzakete hizkuntza-gaitasun orokorretan. Izan ere, euskal gizarteak euskaraz ikasteko azaldu duen eskariari oso azkar erantzun behar izan diote erakundeek eta, horren ondorioz, askotariko hiztun motak aurki ditzakegu unibertsitateko irakasleen artean ere.
  • Bestalde, euskararen normalizazio eta garapen ezetik datoz hutsune garrantzitsuenetakoak, hiztun guztiei eta ikasle-irakasle guztioi eragiten baitigute.

Horrekin lotuta, TSE programak hiru helburu didaktiko orokor ditu:

  • Norberaren testuen kalitateak duen garrantziaz kontzientzia piztea eta bakoitzak hobetu behar dituen alderdiez kontzientzia hartzea.
  • Norberaren testuen kalitatea zaintzeko eta hobetzeko estrategiak lantzea, eta jardun etengabeko horretan beregaintasuna lortzea.
  • Aditu-irakasleen arteko komunikazio-sareak dinamizatzea, baliabideak partekatzeari eta finkatzen joateri begira.

Helburu horiek eramaten gaituzte Carver-ek (1983) Xede Berezietarako Hizkuntzen (LSP) irakaskuntzarako aspaldian ezarri zituen oinarrietara:

  • Benetako materialaren gainean lan egitea.
  • Helburu jakinetara zuzendutako atazak erabiltzea.
  • Autonomia sustatzea.

Programaren garapena erabat uztartuta dago hiru oinarri horiekin:

  • Irakasleek irakasgai batean erabiltzen dituzten testuak biltzen ditugu hasieratik eta horien gainean lan egiten dugu. Lantzen ditugun testuen, adibideen eta arazoen benetakotasuna bermatzen dugu honela.
  • TSE programan parte hartzen duten aditu-irakasleek helburu jakinetara zuzendutako atazak bete behar dituzte: ematen duten irakasgai baten materialen kalitate linguistikoa hobetu behar dute edo/eta erabilitako terminologia landu eta deskribatu behar dute. Helburu horiek, beraz, zuzenean lotuta daude beren ohiko jardun profesionalarekin.
  • Testuen kalitate linguistikoa hobetzeko prozesua ez da taldearen arduradunaren eginkizuna, parte-hartzaile bakoitzarena baizik. Helburua ez da testu jakin bat hobetzea, hobekuntza etengaberako beregaintasuna lantzea baizik.