Euskara Errektoreordetzak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, hainbat zerbitzu eta ikastaro eskaintzen ditu euskaraz idatzitako testu akademikoen hizkuntza-kalitatea hobetzen joateko xedeari begira. Terminologia Sareak Ehunduz programak ere Euskara eta Eleaniztasun Errektoreordetzaren babesa du baina Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko zenbait irakasleren ekimena da.
Programa honen bitartez, unibertsitateko jarduera akademikoetan erabiltzen diren testuetatik abiatuta, komunikazio espezializatuan erabiltzen diren terminologia eta fraseologia errealak ikusgai jarri nahi dira, adituentzat, hizkuntzalarientzat eta normalizazio-ekimenetan parte hartzen duten eragileentzat.
Irakaskeek beren jarduera akademikoetan erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideen deskripzioa egiteaz batera, irakasleen arteko sareak sortu eta dinamizatu nahi dira, erregistro akademikoen finkapenari eta garapenari laguntzeko. Azken helburua da adituen arteko komunikazio-sareen ahultasuna konpentsatzeko tresnak eta baliabideak garatzea erregistro akademikoen normalizazioan laguntzeko.